Zaisa Irunek ezin du garaipen batekin amaitu liga

Sailkapenean eraginik ez zuen partiduan entsegu bakar batengatik galdu zuten irundarrek. Partidu txukuna egin arren, burua igoera fasean edukita ez zuten bizkaitarren intentsitatea erakutsi.

A. MARTINEZ | IRT
Zaisa Irunek Gernikan jolastu zuen larunbatean ligako  azken partidua bertako bigarren taldearen aurka. Igoera fasea ziurtatzen duen hirugarren postua poltsikoan edukita,  Iñaki Lekuona eta Alain Tamagnon entrenatzaileek hurrengo partidu garrantzitsuaren aurrean taldea prestatzeko aukera izan zuten. Gernikako Urbieta zelaira hurbildu ziren zaleak partida  polit baten lekuko izan ziren, zeinean bi taldeak maila handian eta paretsu ibili ziren.

Norgehiagokan hirugarren eta laugarren sailkatuak aritzen ziren, eta hau argi geratu zen lehen minutuetan. Bi taldeak fin ibili ziren baloiarekin, bai eta defentsa lanetan ere. Markagailua mugitzen ez zen arren, aukerak zelaiaren alde batetik bestera zihoazen ondo muntatutako jokaldietan. Irundarrak izan ziren aurkariaren defentsa haustea lortu zuten lehenak; luze ateratako Touche-a aprobetxatu eta aurrelariek baloia azkar mugitu zuten Albin Chalafre-ren bidez 5-0koa egiteko partidako ordu laurdena betetzeke.

Etxekoak baina ez ziren kikildu eta berdinketaren bila joan ziren, bai eta lortu ere. Akerbeltzak txukun segitu zuten defentsa, baina hasierako esfortzuak eta bero handiak pisua ezarri zien hanketan. Horrela iritsi zen ere bizkaitarren bigarren entsegua, lehen zatiko 25. minutuan. Irundarrak gogor aritu behar izan ziren defentsa lanetan atsedenaldiaren aurretik, indarberriturik zebilen Gernikako taldearen aurka, markagailuak 10-5koa erakutsi zezan lehen 40 minutuen bukaeran.

Atsedenalditik bueltan zelaian kokatu aurretik jada aurkako hirugarren entsegua jaso zuten irundarrek. Partidu erdia geratzen zen arren gipuzkoarrek galdutzat ematen zutela zirudien, are eta gehiago Gernikak beste tantoa lortu eta 20-5koa ezarri zuenean. Baina partida iraultzea ezinezkoa zirudienean hasi ziren irundarrak presio gabe jolasten eta bere jokoa egiten. Arratsaldeko minutu onenak izan ziren bidasotarrentzat, hamabost egun barru jokatu beharko duten finalean jarraitu beharreko bidea. Defentsan serio eta baloiarekin arin, bizkaitarrek arazoak eduki zituzten akerbeltzen erasoak gelditzeko. Horrela ailegatu zen kanpokoen entsegua 62. minutuan Julien Negre-ren bidez, bai eta arratsaldeko hirugarrena hamar minutu beranduago, Asier Gonzalezek gauzatuta. Azken minutuak beraien entseguan aritu behar izan ziren etxekoak emaitza mantentzeko. Partidua zakartzea lortu zuten, eta irundarrek ezin izan zuten 20-15koa aldatu.

Garaipena ez lortu arren pozik egin zuten jokalari eta teknikariek Irunera buelta. Orain bi aste dauzkate aurretik Hernani B-ren aurkako lehia prestatzeko. Asteburuko beste berria Errugbi Federaziotik iritsi zaigu; partiduaren zelaia aukeratzeko zozketan Irun atera zen. Beraz, plaiaundin erabakiko da datorren maiatzaren 9an Zaisa Irun eta Hernani B-ren arteko norgehiagokan nor arituko den hurrengo urtean Euskadiko lehen mailan.